La teocracia del crecimiento. Irudia: Dolorez Póliz
Dolorez Póliz

Hazkundearen teokrazia

/
Share

(Aurrez VientoSur-en argitaratua. Itzulpena: Joseba Barriola.)

Kalera atera eta mendebaldeko herrialde bateko edozein pertsonari galdetuko bagenio ea fundamentalista erlijiosoen gobernu baten pean bizi den, harrigarria litzateke norbaitek baietz erantzutea (ez bada behintzat Texas bezalako lurralde batean bizi). “Gure gobernuak laikoak dira, arrazoiaren agindupean, auzi bakoitzean eskuragarri dugun zientziarik hoberenak gidatuak”. Baina errealitatea da pertzepzio sozial hau guztiz okerra dela: gure herrialdeetako politika garrantzitsuenak, gainontzeko politika guztiak baldintzatzen dutenak, hau da, politika ekonomikoak, zientzia fisikoekin kontraesanean dagoen pentsamendu magiko batean oinarritzen dira, eta hortaz, erlijio batekin guztiz parekagarriak dira. Eta erlijio hori, ez-erlijiotzat balioetsia baina planeta mailan dominatzailea dena, honela izendatu daiteke: Hazkuntze Etengabearen Eliza. Ez da, Iorgos Kallis-ek esaten duen bezala, hazkundeak “gizarte modernotan erlijioa ordezkatu duela, ahalegin kolektibo guztiei zentzu bat emanez”, baizik eta hazkundea dela orain Erlijioa maiskulakin idatzia.

Kenneth Boulding-i —ekonomista nabarmena izateaz gain sistemen zientziaren aitapontekoa izandakoari— aipamen ospetsu bat leporatzen zaio: “planeta mugatuan hazkunde infinitoa posible dela sinistuko lukeen edonor soilik ero bat edota ekonomista bat izan zitekeen”. Ondo asmatutako aforismo horrek esaten diguna da mugagabeki hazteko posibilitatean oinarritzen den ekonomia, erabateko irrazionalitatea dela. Ez da preziso doktoradutza bat egitea ondorio logiko horretara iristeko: ezer ez dago mundu errealean, ez izaki ez objektu naturalik, ad infinitum hazten denik. Hazten den guztia, momentu batera iritsi, eta ez da gehiago hazten. Hau da, bere hazkundea denbora baterako da, eta puntu batera iritsita, gelditzen da. Boulding-ek duela mende erdi bat azaltzen zuen hori pertsonen hazkundearekin alderatuz: “XX. mendeko arazoak ez dira nerabezaroaren arazoekin alderatuta desberdinak: hazkunde azkarra, berau kudeatzeko organizazioek duten gaitasuna gainditzen duena, emozio kontrolaezina eta identitatearen bilaketa desesperatua. Baina nerabezaroa igaro ondoren, heldutasun aroa etortzen da, eta orduan hazkunde fisikoa, bere berezko zailtasun guztiekin, amaierara iristen da, baina ezagutza, espiritua, komunitate eta amodiotan hazkundeak jarraitzen du; hauxe bera da, giza-espezie gisa itxaroten duguna”.

Haatik, Boulding-en itxaropen hauek betetzetik urrun, joan den mendean ekonomiaren ikuspen magufo baten agintekeria dogmatikoa sendotu baizik ez zen egin. Eta hala nola Kristautasuna edo Islama aurreko sinismenetan oinarrituta, doktrina erlijioso gisa landu diren, horrela ere ekonomia zoro horren ikuspegiak bere erroak txertatuak ditu mendetan zehar indarrean egon eta eragin kultural handikoak izan diren aldez aurretiazko mitoetan: Progresoaren edo Aurrerapenaren mitoa, giza salbuespentasunaren mitoa edota Homo sapiens-ak Biosferaren gainerakoekiko duen bereizmenaren eta dominioaren mitoa.

Erlijio izkutu baina hegemoniko hau, analogia biologikoaren bidez interpretatzea, oso erabilgarria izan daiteke hazkundea ez-gerarazteak izango dituen ondorioak garaiz ulertu ahal izateko: horrela, argitasuna emateko eta aurreikuspenak lantzeko, minbizia eta izurriteak bihurtzen dira balio handiko kontra-adibideak, mundu guztiak bait daki biek oso gaizki amaitzen dutela. Balioespen intuitiboa eta zentzu amankomuna, edota matematika errazenak aski izango ez balira, ba ditugu ere, duela mende erditik hona gutxienez, egin diren ohartarazpen zientifikoak, oso zehatzak izan direnak. Aski da, ohar zientifiko horien egokitasuna bermatzeko, lan horietan egindako aurreikuspenak eta gaur egungo errealitatea alderatzea. Hori argi geratu zen Donnella Meadows-ek gidaturiko MIT-eko taldeak, Hazkundearen mugak (1972) informea egiterakoan erabilitako World3 modelo informatikoarekin: edo albo batera uzten dugu hazkundearekin dugun obsesioa, edo giza-munduan kolapso tragiko bat izango da. Orain berriki, Fisikako azken Nobelak, Giorgio Parisik, COP26 klimaren goibileraren prestakuntzan mundu guztiko parlamentariei gogorarazten zien, Hazkundearen Elizari zuzendutako eraso xuabe eta sakrilego batez: “BPG-ak ez du ematen ekonomiaren neurri egoki bat. (…) Gure etorkizuna planifikatzen duten eta egindako aurrerapena monitorizatzen duten politikoek, kazetariek, ekonomistek, BPG-tik aparte beste alde batzuk kontutan hartuko dituen adierazle bat erabili behar dute”. Egun gutxi geroago, Pedro Sanchez Espainiako gobernu buruak, mintegi baten amaierako hitzaldia eman zuen izenburu harrigarri batekin —“BPG baina haratago”—, totem horren akatsak onartzen duten hitzak erabiliz. Baina bere erlijiokideek eskumikatua ez izateko, segituan fede-baieztapen bat egin zuen esanez, eskuragarri den edozein froga zientifikoaren aurka, “CO2-ren murrizketa konpatiblea dela hazkundearekin, trantsizio energetikoaren bidez”.

Izan ere, “trantsizio energetiko”, “ekonomia zirkularra”, “hidrogeno berde”, “trantsizio digitala”, “kotxe elektriko” bezalako —eta zenbat eta letania modernoagoa hobe— mintzamolde seudozeintifikoak eta estandarte berriak jantzirik, “efizientzia, berrikuntza eta lehiakortasuna” bezalako mantrak aldarrikatuz, jadanik desakreditatua dagoen erlijioa bizirik mantendu nahi baitute. Lehenago ere, Erromako eliteek, denboraren aldaketen arabera, inperioan hedatzen ari ziren erlijio berriekin sinkretismo erlijiosoa sustatzen saiatu ziren bezala, edota geroago, kristau konfesio desberdinek, unibertsoaren sorkuntzari edota espezien eboluzioari buruzko ezagutza zientifikoei leku bat ematearren, unibertsoaren diseinu adimenduna moduko kontzeptuekin dogmak egokitzen saiatu ziren bezala.

Tragikoki, gure lider diren horiek, geroz eta sektaren bateko lider tiranoen antza handiagoa hartzen ari dira. Eta frogatutzat ematen denean ez direla aingeruak beren plater hegalarietan etorriko akolitoak Aitaren eskumara exeritzeko eramatera, orduan prest daude, beren dogmen akatsa, inor atzean utziko ez duen odol bainu batez, estaltzeko. Eta badakigu Diru Jainkoak (ebangelista kristauak Mammon deiturikoak) azkenian huts egingo digula, ez bait digu baliozkoa izango planeta berri bat erosteko, dugun bakar honen suntsipena burutu eta gero.

Hortaz, ondoriozta dezakegu, zentzu amankomuna eta eskuragarri dugun zientzia kontrastatuz, gaur egun hegemonikoa den ekonomia, eskola neoklasiko marginalista deitua, antizientifikoa dela eta ez dela arrazoian oinarritzen, fedean baizik funtsean. Ekonomista ekologiko batek kontatzen zuen nolako solasaldia izan zuen ekonomia katedratiko batekin. Solasaldiaren gaia zen hazkundean jarraitzeko ezintasuna. Ekonomista ortodoxoak eskatzen zion ekonomista ekologikoari bere baieztapenaren oinarrizko datuak azaltzeko. Azken honek onartu zuen desafioa eta, bide batez, eskatu zion katedratikoari eman zitzala datuak hazkunde etengabea defendatzeko. Ekonomista ortodoxoak erantzun zion: “Datu horiek ez dira existitzen, aurrerapen disruptiboak ez bait dira aurreikusgarriak, baina izango dira”. Amen. Hor amaitzen da edonolako eztabaida arrazionala, fedea jokuan sartzen den unetik. Ekonomista ekologikoak atera zuen ondorioa izan zen: “fede-jarreren aurrean, ez dago argudiaketa posiblerik”. Eliza honen katixima santuak barnean sartzen ditu dogma ekonomizista zaharrak, hala nola faktore produktiboen ordezkagarritasun perfektua (energia edo bioesfera osasuntsu bat falta bada, kapitalarekin ordezkatu eta kitto!), eta beste batzuk asmatu berriak, hala nola ekonomiaren desmaterializazioa (ekonomia hazten jarrai daiteke bere kontsumo materiala eta energetikoa hazi gabe, metabolismo industrial handiak biribirloke fantastikoen bidez mugituz). Baina erlijio honetako dogmen sekulako porrota, ez dute soilik, datozen belaunaldiek etorkizun hondatu batez ordainduko; jadanik ari gara, gure haragitan, hemen eta orain sufritzen, hemen eta leku guztitan. Eta ez dezagun ahaztu gertaera ukaezin hau: Erlijio honen adar hiltzailenetakoa, Neoliberalismoa deiturikoa, jadanik eragin dituela milaka hildako azken hamarkadetan, batez ere “garapen bidean” (zuzenago litzateke lurralde horiek deitzea kolonizazio kriptoerlijiosoaren fasean) deitutako herrialdeetan, baliabideen Lurralde Santuetan, Gurutzada Neoliberalak egiten dituen Egiturazko Doikuntza Planak deituriko kanpainen bidez.

Baina historiara atzera begira jartzeko premiarik gabe, kontuan har ditzakegu ere gaur egun mundu guztian, merkataritza sistema globalizatuaren ondorioz, ematen ari den hornikuntza eskasia. Azken hamarkadetan deslokalizazioak zeharo ugaritu dira eta zuzkidura just-in-time araua nagusitu da. Eta garapen modu honek premisa (erlijio ukitu hutsa) bat zuen: petrolio merkea betirako izango zela eta beti izango zuela zentzu ekonomikorik munduko ekoizpena fabrika pare batean biltzeak eta gero pieza bakoitza hamarnaka mila kilometro, herrialde batetik bestera mugitzeak, kostuan efizientzia lortzearren. Sistema honek, diruaren plusbalioaren aldarean sakrifikatu zituen, edozein sistema artifizial edo naturalaren erresilentziarako, nahitanahiezkoak diren arrazionaltasun energetikoa eta erredundantzia. Hauxe da, funtsean, Eliza hegemonikoak berezkoa duen eta oinarri zientifikorik gabekoa den pentsamendu merkadolatriko eta teknolatrikoaren nagusitasunaren eta aurresuposizioen emaitza.

Eta horrela ere, gaur egun Europan ematen ari den elektrizitatearen prezioen igoera, neurri handi batean, prezioen kalkulu-sistema marginalista baten ondorioa da. Ekonomista neoliberal batzuk asmatua da, eta uste zuten elektrizitate guztia ekoizpen-salneurri garestienaren arabera ordaintzeak sustatuko zuela energia eta teknologia berrien agerkundea (ohar bedi terminoaren konnotazio sobrenaturalak). Hau da aipatzen ari garen fede horren parusia teknologikoaren beste adibide bat gehiago. Haatik, fede absurdo honen eta munduan benetan dauden energien kontrastea dela eta (gas naturala aurreikusten den Peak Exports egoeraren aurrean bait dago, erregai mugatu guztiek agortzen ari dira eta agortu baino lehenago ez dira energetikoki errentagarriak izaten, eta hori baino lehenago erauzten duten herrialdeen esportaziorako gaitasuna amaitzen baita), hilero, nahi gabe, Eliza horren feligresak izatea beste erremediorik ez dugunoi, milioka euro kostatzen zaigu. Eta egunero, merkatu librearen tenpluan apaiz gorenek jartzen diguten nahitaezko atabaka geroz eta garestiago aterako zaigu, eta bitartean jarraituko dira moai tekonologikoak eraikitzen (5G, kotxe elektrikoa edo Laugarren Iraultza Industriala osoa —bedeinkatua izan dadila!— modukoak…). Eta iritsiko da une bat, zeinean, poltsikoak erabat husturik, beraien tenplu ekonomikoak abandonatu behar izango dugun, sistematik baztertuak, langabezira eta ez-kontsumora eskomikatuak. Bitartean, G20-koen, Europa Batasunako Komisioaren edo Davosko Foroaren kontzilioak bidea markatzen jarraitzen dute, bide ortodoxoa… gure espeziearen sakrifizioa izango den suntsipenaruntz.

Hau dena xelebrekeria erridikuloa litzateke, Marx anaien edota Monty Pythonen pelikula bat bezalakoa, Sharia ekonomiko hau ez balitz izango gure bizitzak, egunez egun, zorrotz, gobernatzen duena eta suizidio kolektibora buruz eramaten ari gaituena. Egunero, zerga sistemen bidez ateratzen digute hamarren erlijioso bat, berehala dogma multzo honen zerbitzura jartzen dena. Noski, badaude bai, ezinbesteko zerbitzu publikoak, hauek ere, zerga horiekin ordaintzen direnak, baina ezin engaina gaitezke pentsatuz horiek direla fede hontara emanak dauden agintarien lehentasunezko helburua. Egi-egitan, besterik ez dira estatu-karitate-hipokrita baizik (Welfare State delakoa, ondo begiratuta, Eliza honen Caritas handia baizik ez da), bere misioa bete ahal izateko kolateralki lortzen diren onura batzuk, mende oso baten zehar pake soziala mantentzea lortu dutenak, baina beti ere kapitalaren onura pribatuaren aintza eta garapenaren menpekoak izanik. Kapitalaren garapena baita, egitan, hazkundearen manamendu erlijiosoa justifikatzen duen motor bakarra. Hala nola Eliza kristauak, beste batzuren artean, boterearen zerbitzura funtzionatu zuen bere historiaren parterik gehienean, orain ohar gaitezke nola Hazkunde Etengabearen Eliza mantentzen den zutik arrazoi batengatik soilik: benetako boterea, botere ekonomikoa dutenentzat onuragarria delako. Faltsua da esatea hazkundea behar dugula: behar duguna lortu daiteke hazkunderik gabe, eta egia esan… errealitatearen mugekin talka egin eta gero, hazkundea uztea da, behar duguna lortzeko modu bakarra; pertsona guztientzat bizitza duina behar dugu eta gainera eroriko ez zaigun etxe bioesferiko bat. Baina, agian, tragikoena da BPG-aren ayatolak ez direla konturatzen eliza hori azkenian beraien hilobia bihurtuko dela. Frank Herbert-ek bere nobela ospetsuan, Dune-n, idatzi zuen bezala: “Erlijioa eta politika gurdi berean ibiltzen direnean, bidaiariek pentsatzen dute ezer ez dela bere bidean traba izango. Presatiak bihurtzen dira… geroz eta azkarrago, azkarrago, azkarrago bidaiatzen dute. Oztopotan pentsatzeari uzten diote eta ahaztu egiten dute dira amildegi bat, beti, beranduegi ikusten dela.”

Eskuak burura eramaten ditugu, eta arrazoiz, talibanen moduko erregimen teokratikoek egindako basakerien berri izatean, adibidez, beraien dogma erlijiosoak gidaturik Afganistango milioika emakumeen eskubideen aurka egunero erasotuz. Baina, agian gure agintari demokratikoek ez al dute marka hori gainditzen bere hazkunde etengabearen dogmaren izenean etorkizuneko kontaezinezko belaunaldien bizitzeko eskubidea suntsituz? Zergatik tematu hazten jarraitu behar izatearekin, jadanik gure hazkunde propioaren mugekin talka egin dugunean, eta ondorioz mina eta suntsipena baizik ezin bada ekoitzi. Hortaz, ez dirudi esajerazioa denik baieztatzea, mundua gidatzen duen eskola ekonomikoak, sekta suntsitzaileen zerrendetan buruan egotea merezi duela. Beste antzeko kontzeptu bat erabilgarria izan daitekeena da yihad edota gurutzada: izen horiekin justifikatu dira —lehen eta orain— milaka hildako munduan zehar, fundamentalismo erlijiosoen saldo mingarri odoltsuak gehiagotuz. Haatik, erlijio genozidena, giza bizitza eta gizatiarra-ezden bizitzen benetako minbizi suntsitzaile izanik, ekoizpen, kontsumo eta kutsadura gehiagotzen jarrai dezaten, behin eta berriz, tematzen den horixe da. Eta haatik, ez da horrelakotzat kontsideratua, eta hortaz, ez gara konturatzen sartuak gauden gerra zibil mundial hau, gaur egungo eta etorkizuneko bizitzaren aurkako gerra hau dela, egi-egitan, inoiz existitu den gerra santurik izugarriena.

Noski, edozein ekonomia-ministrok edo gobernu-presidentek edo mendebaldeko estatu buruk ukatuko du, hasarre, erlijioaz gidatu izanaren edozein salaketa, eta politika ekonomikoaren alorrean harturiko erabakiek izaera tekniko eta zientifikoa dutela aldarrikatuko du. Horregatik hitzegiten dugu kriptoerlijio batetaz, erlijio kultua denik ukatu egiten duena, nahiz eta bere funtzionamendua, helburua eta egitura bat datozen, harrigarriki, paradigma erlijiosoarekin. Eta hain zuzen, bere erlijio-izaera estaltzen denez, zailagoa eta arriskutsuagoa da horri aurre egitea. Dudarik ez, Kapitalismo deitzen dugun kultura edo zibilizazioaren parte osagarri funtsezkoa da erlijio hau. Kapitalismoa da Modernitatearen benetako marko erlijiosoa. Ez gutxitan identifikatua izan da kultu tataniko gisa, heriotzaren kultu bat. Walter Benjamin-ek deitzen zion “agian inoiz existitu ez den kultu muturrekoena”. Hazkundea izango litzateke, orduan, Benjamin protoekosozialistatik abiatuz Giorgio Agamben-ek zioen bezala “erlijio kapitalistaren sakramentu bakarra: kreditu-zorra” delakoa betetzeko arau moral gorena.

Termino hauetan pertzibitzea lagungarria da ulertzeko zergatik, sartuak gauden kataklismo klimatikoaren bidetik aldentzea, irteera logikoen, errazen eta eraginkorrenak hartzea, zergatik den hain zaila. Eta aldi berean argitasuna ematen digu norabide honi aurre egiteko borrokan. Aldaketa klimatikoaren ondorioak arintzea edo hazkunde zibilizatorioaren metastasis geldiezinak eraman gaituen estralimitazioaren beste edozein ondorioak arintzea, ez da arazo tekniko bat teknologia berriekin konpondu beharrekoa. Ez da, ezta ere, sikiera arazo politiko bat. Hau ez da jadanik klase borrokaren auzia soilik. Gure espezieak bere (gure) buruaren aurka egiten duen oraingo eraso definitiboa, aldi berean ematen da eremu sozialean, kulturalean, sinbolikoan eta mitoen eremuan. Aurre egin behar diogu, bada, benetako erlijio gerra asimetriko bati, historiaren hilketa erlijioso izugarrienen mailan egongo den sarraski bati. Hori horrela dela onartzea eta salatzea beharko luke izan lehen urratsa, teokratak beren pulpitotik uxatzeko, eta, behingoz, zientzia onest, ez erredukzionista, bizitzarekin konprometatua, etorkizunaren zerbitzura jarria eta hegemonia erlijiosoaren zentsura eta girgiluetatik aske dena… izan dadin biziraupen eta emantzipaziora gidatuko gaituena.

Click to rate this post!
[Total: 0 Average: 0]
Share

Divulgador del Peak Oil y otras amenazas para la civilización industrial. Autor de La izquierda ante el colapso de la civilización industrial, Nosotros, los detritívoros y coordinador de la Guía para o descenso enerxético. Fundador y coordinador de la revista 15/15\15.

Utzi erantzuna

Your email address will not be published.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Artículo anterior

Krisi klimatikoaren garaian, etorkizuna da defendatu beharreko lurraldea

Lo último de Blog