Casdeiro, Wikimedia Commons eta Geralt-en iruditaz gero.

Paco Puche-ren «Sinbiosia» liburuaren hitzaurrea

//
Share

(Itzulpena: Joseba Barriola.)

Lynn Margulisekin izan nuen lehen topaketa gazi-gozoa izan zen.

2008an Burgos-en izan zen. Gogoan dut trenez joan nintzela Valladolid-etik, eta, bidaian, egin nahi nizkion galdera askoren arteko batzuk prestatzen ari nintzela, urduri.

Orduan atera berria zen nire Gaiaren Jatorria liburua, eta kopia bat eman nahi nion eta bere liburu pare batean bere sinadura jaso nahi nuen. Ez da erraza mito bihurtzen ari den jenio batekin hitz egitea, eta are gutxiago eszenatokian zurekin batera beste 300 bat pertsona baldin badaude. Niri tokatu zitzaidan minutuan, esan nahi nion bere sinbiogenesiari Gaia gehituz gero (bere lau ekarpen jenialetatik bi) eta bi-biak berak bere idatzietan ausartzen zen puntutik haratago eramanez gero, orduan biologiaren panorama osoa aldatuko litzatekeela eta ez genukeela jadanik gehiago behar Darwin eta haren hautespen natural lehiakorra.

La simbiosis, una tendencia universal en el mundo de la vida. La cosmovisión de Lynn Margulis

Baina suposatzen dut baldarki azaldu nuela nire ideia eta Lynn-ek uste izan zuen eraso egin ziotela, berriro ere; agian, ordea, ez zen konturatu behingoz behintzat erasoa beste aldetik zetorrela. Haren erantzuna gauzak okerragora eraman zituen galdera bat izan zen:

—Nork esaten du hori? —Nik —erantzun nion. Eta autoritate-argumentuaren bilaketa inkontzientea, Margulisek horrenbeste gorrotatzen zuen argumentu modua, nire kontrako barre-algara bihurtu zen ehunka pertsonako auditorio batean.

Margulis-ek azkar erreakzionatu zuen, azalduz, argudiatuz bere sinbiogenesia eta Gaia bateragarriak direla Darwin-ekin. Jarraitzen dut pentsatzen ziurtasun osoz ez direla bateragarriak (jenioek hanka sartzen dute beren lanei buruzko iritzietan), behintzat termino hori Einstein-en erlatibitatea eta Newton-en mekanika bateragarriak ez direla diogunean bezala hartzen badugu.

Garai hartan esaten nien ikasleei Lynn Margulis zela gure azken zientzialari jenial bizia (eta esaten nien maskulinoz , azpimarratzeko gizonezko zientzialariei buruz ere ari nintzela).

Orain, eskatzen diet zientziaren jenio biziren bat aipatzeko, eta ez dira horretarako gai. Arrazoia ematen diet. Lynn desagertu eta gero, jadanik ez zaigu jeniorik gelditzen.

Zientziaren jenio handiak, egin dituzten ekarpenengatik dira jenio. Baina halakotzat aitortuak izaten dira, bakar-bakarrik, gizartearen mito bihurtzen direnean, eta hori gertatzen da munduaren kosmobisioan gertatzen diren aldaketak gertatu eta gero. Horretaz hitz egiten digu Paco Puche-k bere liburuan. Pertsonaia jenial batez eta haren idazlanek dakarten kosmobisio-aldaketaz.

Modu horretan aitortzen dugu Isaac Newton. Objetiboki, distiratsu totala zen, gaitasun harrigarria zuen arazo zientifikoen soluzioa aurkitzeko. Baina zientziaren “aldareetara” igo badugu, izan zen, beste batzuekin batera, munduaren ikuspegi berezi bat ezartzen lagundu zuelako, ikuspegi bat zientzia prediktiboan, mekanizismoan eta erredukzionismoan oinarritua, eta horrela izan zen nahiz eta horri buruz zalantza asko izan Newtonek berak (Isaac alkimista izan zen eta Bibliaren numerologiarekin obsesionatua). Gaur, ikuspegi edo paradigma newtondarraz hitz egiten dugu.

Munduaren ikuspegi newtondarrak poliki-poliki deszentratu egin gintuen espazialki, eta gaur egun badakigu gure galaxia, izugarri handia bera, aldi berean unibertsoan galdutako tanta bat dela. Baina Newton-en mekanizismoa berrelikatu zen Iraultza Industrialarekin, eta kosmobisio berriak jainkotu egin zuen teknologiaren bidez “denerako gai den Homo”-a.

Paco Puche
Paco Puche

Bigarren deszentratze-prozesua Darwin-i egozten zaio, eta ez arrazoi handiz. Izan ere, dozena erdi bat izen eman ditzaket bera baino lehenago argi izan zutenak gizakiak kate luze batean konektatuak geundela gainontzeko izaki bizidunekin. Gizakia biologikoki singularra zen soilik gauza batean: etorri berria zela. Darwin-en garaian hasi ginen Mendebaldean erreparatzen 6000 urteko giza historia unetxo bat besterik ez dela milaka milioi urtetan neurtzen den historia batean.

Teoria zientifikoa zuen lehen eboluzionista Lamarck izan bazen ere eta gaur egun Kropotkin-ek irekitako eztabaidarekin gora eta behera bagabiltza ere — oraindik gainditu gabeko eztabaida da hau—, historiak mito bihurtzen ditu pertsonaia zientifikoak: Lamarck, lepoa luzatzen zuten jirafen auzian, oker zebilen.

Darwin da biologiaren jenio handia —nahiz eta Lamarck-en jirafena ontzat eman zuen—. Kropotkin, berari buruz hitz egiten bada, izaten da beraren argumentuak iruzurrez deuseztatzeko: tontakeriak esan omen zituen anarkista zelako —hankasartze honetan, egia esateko, gure Lynn jeniala ere erori zen (baina Paco Puche ez)—.

Paco Puchek oso ondo daki Darwinen mitifikazioaren asunto hau guztia, eta horretan jokoan dagoena, eta benetan jokoan dagoena kosmobisioak dira, giza mundua eta haren joerak determinatzeko kosmobisioek ere duten eragina.

Horrela bada, hemen, lanerako prestatu da eta orrialde batzutan, zuzen eta batzutan presaka (zientziari dagokiona baina haratago hitzegiten duenaren garrantziaren jakitun den ekologistaren presarekin), gizadiaren etorkizunaz (gizartearen barneko desberdinasun sozialengatik edota eusten gaituen eta bere mendean gaituen Gaiari erakarriko diezaiokeen ondorioengatik) kezkatuak gaudenoi, gure aurrean eta esku tartean daukagun zeregin garrantzitsu bati heltzera gonbidatzen gaitu.

Horretarako, badaki berak, ezinbesteko baldintza da kosmobisioz aldatzea. Eta ezer ez egokiagorik, horren euskarri modura, Lynn Margulis-en lana aurkeztea baino. Eta gero, korolario gisa, oinarri osagarri modura aurkeztea ekonomian Nobel sariaren baliokide dena jaso duen emakume bakarra: Elinor Ostrom—laurogei gizonen artean sari hori jaso duen emakume bakarra, eta hain zuzen ekonomia neoliberal/neodarwinistak sorturiko mitoak hausten ari diren ekonomista gutxi horietako bat!—.

 Lynn Margulis impartiendo la conferencia inaugural del I Curso de formación en Actualidad Científica: “La ciencia en la cultura contemporánea. El ejemplo de las arenas vivas”. Esta conferencia sirvió también de acto inaugural del III Congreso de Comunicación Social de la Ciencias
Lynn Margulis. Iturria: Wikimedia Commons.

Emakumeen lana aitortzeko dauden zailtasunak handiak dira, badakigu, eta konstitutiboki matxista den gizarte baten paradigma baten emaitza dira. Agian, ez da kasualitatea emakumeak izatea emakumeen ahalmena murrizten eta murrizten ari diren kosmobisio horiekiko haustura sustatzen duten teoria zientifikoak eta ereduak sortzen dituztenak.

Baina itzul gaitezen Pacok azaltzen dizkigun Lynn-en ekarpenetara.

Teoria endosinbiotikoa eta sinbiogenesiaren teoria aurkezten ditu Pacok ez bakarrik Margulisen meritu zientifikoa gogorarazteko, baizik eta azpimarratzeko teoria horiek zabal-zabalik irekitzen dizkiotela ateak biologia kooperatibo bati, elkar-laguntzazko harremanetan oinarritua —horrela izendatu zuen Kropotkinek— eta koordinaziozkoa —Margulisen termino gogokoena—. Zaila izan zen teoria endosinbiotikoa onartzea eta zaila izango da sinbiogenesia onartzea, eta ez da soilik emakume batengandik datozelako, baizik eta beste diziplina baten, ekonomia liberalaren paradigma mentalaren haustura dakarrelako, zeinak hainbat berrelikadura izan baitu biologia darwinistarekin eta neodarwinistarekin azken 160 urteetan.

Margulis-en beste ekarpena —biosferaren ziklo biogeokimikoetan bakterioek jokatzen duten paperari buruz, bakterioek duten gaitasun metabolikoei buruz, haien omnipresentziari buruz— kontuan hartuz, Paco Puchek azpimarratzen du bizitza ez dela hainbeste zentratu behar zoologian —hau da mendetako tradizio zientifikoa—, eta aldiz askoz gehiago zentratu beharko litzatekeela prokariotoetan. Horrela Paco Puchek argudiatzen du gizakiaren hirugarren deszentramendua —Newtonen eta Darwinen ondoren— “bakteriozentrismoaren” eskutik datorrela, eta gainera beharrezkoa dela Newtonek deuseztu ezin izan zuen ikuspegi antropozentrikoaren gaitzak sahiesteko. Newtonek ezin izan zuen deuseztu teknologia dela-eta gizakia berriro jainkotu zelako, eta Darwinek ere ezin izan zuen, eta kasu honetan, teknologiari ekonomia kapitalista gehitu zitzaiolako eta berriro jainkotu zelako gizakia Naturaren merkantilizazio eta kosifikazio osoaren ondoren.

Pacok azpimarraten du jainkotze horrek gizadiaren suntsipenera garamatzala, premiazkoa eta urgentea dela jainkotze hori deuseztea, eta “hirugarren iraultza margulianoa” baliagarria izan daitekeela horretarako.

El origen de Gaia. Carlos de Castro Carranza

Margulis ez zen bakarrik egon bere laugarren ekarpenean. James Lovelock izan zen ekarpen horren hastapeneko ideologoa: Gaia hipotesia da. Margulis eta Lovelock-en ideia da bizitza eta biosfera autoantolatzen direla automatismo zibernetiko moduko batean, zeina gai baita hainbat parametro erregulatzeko, hala nola tenperatura, ozeanoen azidotasun-maila, nutrienteen ziklapena, eta abar, eta horrek ahalbidetu duela 4.000 milioi urtetan bizitzak Lurrean iraun dezan, ugal eta gara zedin. Ekosistemen ekosistema horren indarra hain da handia ezen, bakterioetan euskarria harturik, gure gaurko zibilizazioa ez bailitzateke gai izango hura suntsitzeko, ezta dirudien bezala jartzen ari garen “intentzio” guztia horretara jarrita ere. Gehienez ere, gu gara arriskuan gaudenok, beste organismo batzuekin batera.

Paco Puche saiatzen da ideia horretan sakontzen eta ondorio honetara iristen da: akats antropologikoa dela berriro Antropozenoaz hitz egitea Gaiazenoaz hitz egin beharrean, nahiz eta “Gaiakoa” izan den beti duela 3.500 milioi urte baino lehenagotik.

Paradigma klasikoetan ainguratutako komunitate zientifikoaren erasoak jaso zituen Gaia hipotesiak. Eta esanguratsua da ez zirela izan ekologoen erasoak —teoria makroekologikoa baita—, ezta mikrobiologoena —bakterioen zereginean euskarritzen da nabarmen—, ezta sinbiosia eztabaidatzen ari ziren biologoena ere —Margulis-ek defendatzen baitu gure planeta sinbiotikoa dela, “espaziotik ikusitako sinbiosi” handi bat—. Kritikoak biologo eboluzionistak izan ziren, susmatu baitzuten Gaia Hipotesiak eraso egiten ziola haiek neodarwinismoarekin, teoria osatu eta ukiezina gisa, zuten fede absolutuari. Orduz geroztik, Margulis eta Lovelock saiatu dira Gaia eta eboluzioaren teoria ortodoxoa bateragarri egiten; edota teoria ortodoxoarekin Gaia osatuago bat egiten. Lynnek, Lovelock baino ausartagoa bera, bere beste ekarpenengatik neodarwinisten erasoetara ohituta, ukatu egin zituen aurresuposizio neodarwinistak, baina, agian bere herrialdeko kreazionistekin kidetu ez zezaten edo konbikzio anglosaxoi hutsez, jarraitu zuen esaten bateragarriak zirela Gaia eta hautespen naturala. “Darwinismoa bai, neodarwinismoa ez” esan eta berresan du bere idazlanetan, Gaiari eta sinbiogenesiari buruz arizela. Korronte nagusitik atera bai, baina ez gehiegi, hori izan zen Margulis-en (eta Lovelock-en eta jarraitzaileen) jarrera setatia, eta ziurrenik adimentsua da baina agian ez da aski, hertsatzen gaituzten garaiotako larritasunekin.

Jende askok ulertu zuen Margulis eta Lovelock-ek Gaia-ri buruz hitz egiten zutenean izaki bizi batez hitz egiten zutela, planetaren tamainako makro-organismo batez. Eta egia da hasiera batean beraien argudioak nahasiak zirela. Akademiatik kanpoko zenbait mugimendu sozialek gogoz ontzat eman zuten kosmobisio antzestrala zena eta ia kultura gehienetan amankomuna, salbu eta mendebaldeko kultura berriaren kasuan, guztiaren mekanizatzailea baita. Horrela Gaia zientziatik Patxamama izan zitekeen, dena inguratzen duen espiritu bizia izan zitekeen, eta abar.

Ez zitzaien hori gustatu ez Lynn-i ez James-i. Eta horrela berrogei urte igaro zuten Gaia makro-organismo bat zelako kontua ukatzen. Gehienez, esaten zuten, metaforikoki ulertu zitekeela horrela.

Deigarria egiten da Lovelock-ek ez duela argudio on bat eman ukazio horren aldekoa. Sinpleki onartu zuen poliki-poliki teoriko eboluzionista neodarwindarrek konbentzitua izan zela.

Margulisek, behintzat, argumentu bat eman du —bat bakarrik—, behin eta berriro errepikatu duena eta Paco Puchek ondorengo orrialdeetan lantzen duena: Gaia bere hondakinetatik bizi omen da eta organismo batek ez du halakorik egiten.

Reencontrando a Gaia. A hombros de James Lovelock y Lynn Margulis

Argumentu horrek zerikusia du birziklatze-tasa deitzen dugunarekin. Baina Gaia ez da osorik bizi bere hondakinetatik —horrela egingo balu jainkosa izango litzateke—, nahiz eta bere birziklatze-tasa txundigarria izan, % 99tik gorakoa.

Gu bezalako organismorik ere ez da berak sortzen dituen zaborretatik bizi, baina, edan eta gero ur-molekula bati jarraitzen badiogu, ikusiko dugu behin eta berriro birziklatzen dela, ehun eta gehiago aldiz pasatzen dela giltzurrunetatik gure gorputzetik kanporatua izan arte. Hau da, elementu funtsezko eta urri bat, hala baita ura animalientzat, birziklatzen da % 99tik gorako tasa batean. Bestela esanda, horrenbeste ur birziklatzen dugunez, aski dugu egunero bi litro ur “soilik” edatearekin 200 litro hartu beharraren (200 litro horiek egunero edan, gernu bihurtu edo transpiratu beharko genituzke horrelako birziklatze-tasarik gabe). Horrek koordinazio aparta eskatzen du bihotzaren, odolaren, biriken, giltzurrunen eta abarren artean, koordinazio hain perfektua non guztiz harro baikaude “organismo” izenarekin (organizatzen duena). Birziklatzeari begira, Gaiak bere elementuekin egin dezakeenaren eta ugaztun batek bere elementuekin egin dezakeenaren arteko analogia, sinpleki, metafora baino askoz gehiago da. Are gehiago, horrelako egitandiak egiteko gai direnak organismo deitzen ditugun prozesu-sistemak dira, ez dugu ezagutzen organismoez aparte halakoak egiteko gai denik. Denak organismoak dira. Eta, orduan, justifikatu beharko litzateke zergatik ukatzen zaion Gaiari organismo izatea.

Noski, defendatzen dudan Gaia Organikoaren teoria, pista eta egitandi askoz gehiagotan oinarritzen da. Irakurleak nahi izango balu honetan sakondu, begira dezake nire artikulu zientifiko bat, “En defensa de una teoría Gaia”, edota bi liburu: El Origen de Gaia eta Teoria Gaia orgánica. Testu horietan estrapolatzen da, azken ondorioetaraino, bai Lovelock eta Margulis-en hipotesi originala, eta baita ere Margulis-en sinbiogenesia, besterik ez. Baina zergatik tematu hemen Gaia “indartsu” bat defendatzen, jakinda ez Margulis-ek eta ez Lovelock-ek ez zutela defendatu? Sinpleki, Pacok eta nik, biok, pentsatzen dugulako datozen orrialdeetan eskaintzen den mezua osatu egiten duela.

Biosfera makro-organismo bat (organismoa) bezala ikustea gu geu geure burua Gaiaren organulo edo zelula gisa ikustea da. Hala nola bakteriozentrismoa eta ororen gainetik bizirauteko gai den Gaia zibernetiko bat baliagarriak zaizkigun geure buruarentzat hain arriskutsua den antropozentrismotik urruntzeko, aldi berean eta modu berean sorraraz dezake sentsazio nihilista eta derrotista bat eta horrek trabatuko lituzke Pacok bere bizitza osoan eraman dituen borrokak.

Egia esan, Gaiaren zelula bat izateak huskeria bat dela eman dezake, baina abagunea eskaintzen digu oso-osorik irekitzeko, sinbiosiaren eskutik berriro ere, konplexutasunez eta edertasunez gainezka den mundu batera, zeinaren parte baikara. Eta arriskurik ba al dago Deszentratzearen Hirugarren Iraultza hau, momentuz Margulis-ek eta beste gutxi batzuek hasi berria, Newton-ena eta Darwin-ena bezala, desitxuratua izateko? Bai. Nahiz eta zaila izan aurreikustea eszenatokian sartua baldin bazaude. Giza autokontzientzia pribilegio bat da eta horri esker inguratzen gaituen edertasunaz kontziente izan gaitezke eta horretaz gozatu dezakegu. Baina, baita ere, eraman gaitzake —entzuten hasi da— berriro ere jainkotzeko bidera, pentsatuz Gaiaren adimena garela, Gaiaren kontzientzia, haren burmuina. Pentsa dezagun tentuz eta denbora hartuz, hori ez baita erreala, eta halakorik sinisteak ez baikintuzke eramango berarengan benetan integratzera. Puskatu egingo genuke berriro Paco Puchek hurrengo orrialdeetan proposatzen digun kosmobisioa.

Carlos de Castro Carranza Valladoliden, Gaia, 2019ko udaberrian

Lynn Margulis
Click to rate this post!
[Total: 0 Average: 0]
Share

Profesor de la Univ. de Valladolid de Física, Sostenibilidad e Historia de la Ciencia. "Casandra" del colapso civilizatorio desde los 90. Autor de la Teoría Gaia Orgánica.

Utzi erantzuna

Your email address will not be published.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Artículo anterior

Texas: energia-erraldoia erortzeneko itzalaldia

Siguiente artículo

Krisi klimatikoaren garaian, etorkizuna da defendatu beharreko lurraldea

Lo último de Blog

Hazkundearen teokrazia

[Manuel Casal Lodeiro] Gure herrialdeetako politika garrantzitsuenak, gainontzeko politika guztiak baldintzatzen dutenak, hau da, politika ekonomikoak,