Casdeiro

Subiranismo ekosoziala

/
Share

In aliis linguis

(Aurrez Berria egunkarian argitaratua.)

Zer izan ote zen bi astronauta ilargira eramatea 60 hamarkadan? Lewis Mumford soziologoak duela mendi erdi esan zuen Apolo misio hura ez zela izan esplorazio kosmikoen hasiera, baizik eta XVI. mendean hasi zen iraultza tekno-zientifikoaren amaiera. Ez esan halakorik transhumanismoaz eta kolonizazio planetarioaz sinetsita bizi direnei. Horientzat balentria hura bide loriatsuagoaren lehen pauso koxkorra izan zen. Halaxe ditugu bi diagnostiko handi gaurko egoeraz eta biharko eboluzioaz. Guztiz kontrajarriak, elkarri irainka bezala.

Zein ote egia(goa)? Semeari abesten diogun kanta batek ebatz lezake: “Ikusi-ikusi han, teilatu gainean, kristo(re)n aberea, triziklo batean…”. Irudiak ondo deskribatzen du gaurko delirioa: alimaleko sistema ekonomikoa eraiki dugu, ezin kabitu dabil txiki geratu den triziklo-biosferan. Abestiak bezala, milaka txostenek ohartu dute animaliaren handitasunaz: “tronpa du aurrean, isatsa atzean…”. Baina munduan pentsakizun magiko hedatua da trizikloak sostenga dezakeela elefantea.

Logikoena, ordea, pakidermoaren danbatekoa da. Hots, krisi sistemikoaren areagotzea eta kolapso zibilizatorioa. Trizikloari hasi zaio hondatzen eskuleku finantzarioa, pedal energetikoa, klimaren jarlekua, eta bioaniztasunaren gurpilak. Informazio zientifikorik onenak dio zuzen goazela energia eta material gutxiagoko etorkizunera, klimaren aldatze hondagarrira, baliabideen kontrolagatik gatazka latzetara. Zenbait hamarkada iraun lezakeen konplexutasun galtze (kolapso) nabarmenera. Den-dena pentsatu behar genuke parametro horietatik. Gure herriaren geroa barne, zelan ez. Ez dirudi gizartean barneratu denik arazoaren benetako hedadura. Ezta ezkerrean ere.

Zer egin? Erantzun-ale bat: (auto)suntsipenaren aurrean, lurraldeen eta jendarteen burujabetza (ber)eskuratu. Bestela esanda, proiektu subiranista da globalizazio neoliberalaren eta krisi askotarikoaren antagonista argia.

Burujabetzaren proiektuak behar du hanka bat autoeraketan. Garrantzitsua da ongizate Estatuaren eraispena gelditzeko erresistentzia, baina aurrerago joz, eraiki behar dira alternatiba sozial eta ekonomikoak, burujabetza handitzeko bizitzaren eremu ahalik eta gehienetan. Lurraldeak ahaldunduz, boteretuz komunitateak. Estrategia prefiguratiboaz ari gara, hemen eta orain abantzatzeaz nahi genukeen mundua eta bizierak, kooperatibak sortuz, lurrera bueltatuz, sare solidarioak eraikiz. Etorkizunaren ernamuin (poskapitalista) gisara.

Bai, termitaren estrategia hori oraindik errealitate xumea da. Halere, gaur baditugu tresnak gure bizitzatik kanporatzeko energia multinazionalak, ohiko bankuak, edo agro-industria. Eta ekonomia soziala, zentzu zabalenean ulertuta eta kontraesanak kontraesan, urruti dago ghetto marjinala izatetik: munduan hiru mila milioi lagunen mantenuaz arduratzen da (%40), Europan 14 milioitik gora lagun enplegatzen ditu, gurean enpleguaren ia %10 da.

Ekimenok nekez saihestuko dute kolapsoa, ez da hori. Egitura burujabeokin erresilientziaz eta arnas-gunez hornituko gara. Airbag-ak dira. Desordena sistemiko hazkorrak harrapa gaitzala saretuta eta antolatuta, bio-eskualde eskalako egitura zenbait dagoeneko finkatuta (energia eta elikadura arloan, bereziki). Ez gutxietsi tenkatze komunitarioak eragin lezakeen aldea sufrimendua leuntzeko zereginean.

Juridiko-politikoan ardazten den subiranismo klasikoak muga nabarmenak agertu ditu azkenotan. Xabier Anzak ondo dio, gutxienez hiru trauma metatu zaizkigu. Ibarretxerekin labur geratu zen parlamentuaren indarra (bide instituzionala). Katalunian zailtasun itzelak, mobilizazio herritarra gidari izanik. Eta Greziak errukigabe erakutsi digu izan zaitezkeela estatu independentea eta ez subiranoa. Galeanok ebatzita utzi zuen bozkatzeak benetan balioko balu gauzak aldatzeko, aspaldi luketela debekatuta.

Halere, ez da nahikoa estrategia autoeratuekin, bistakoa da. Kontua ez da soberaniaren ikuspegi estatu-zentriko desorekatuari erantzutea ikuspegi estatu-gutxieslearen desorekarekin. Arazoen ugaritasuna eta eskala ikusita, behar da oligarkiaren aurrean botere politiko-instituzional guztia, eskala guztietan, politika publikoak egon daitezen justizia sozial eta ekologikoaren zerbitzura. Gainera, traumak ez, beharbada hirurak izan dira aurretiaz erraz aurreikus zitezkeen emaitzak eta, gauzak ondo, ikasbide emankorrak, etorriko diren beste(lako) ahalegin eraginkorragoen atarikoak.

Beraz, burujabetzan hanka biko estrategia, uztartuz boterea hartu (instituzioak irabazi, estatugintzaren bidean) eta boterea barreiatu (instituzio berriak sortu herrigintza komunitarioaren bidetik). Biek elkar hauspotuz. Biak beharko baititugu gramatika (eko)politikoan kokatze aldera sufrimendu eta prekarizazio hazkorra, aurre eginez neoliberalismoaren logika asistentzial eta indibidual-terapeutikoari, bai eta zeru-lurrak konkistatzen hasia den eskuin muturraren logika (eko)faxistari.

Hala, eskutik helduta doaz desafio ekosoziala eta burujabetza. Agenda ekologista historikoaren muina dira deszentralizazioa eta birtokiratzea, bio-eskualdeetan antolaturiko komunitate buruaskiak, baita komunitate politiko txikiago eta demokratikoagoak ere. Proiektu subiranistak, bere aldetik, behar du trantsizio ekosozialarekin konbergentzia, bere burua birplanteatzeraino subiranismo ekosozial gisa: gizadiaren desafiorik handiena izanik, subiranismoaren semantika aberastu eta aro berrira egokitzen du. Proiektua ez da soilik abertzaleentzat, ekozidioan eta basakerian erori nahi ez duen ororentzat da.

Subiranismo ekosozialak badaki trizikloa mugatua dela eta elefantea piztitzarra. Hots, planetako biogaitasuna gaindituta eta euskal aztarna ekologikoa zeruetatik, dagoeneko ezin da oparotasunik agindu zentzu konbentzionalean: guztiontzat etorkizun materialki oparoagoa. Horregatik, “independentzia hobeto bizitzeko” leloa bihurtu behar da hazkunderik gabeko segurtasun eta ongizate. Bestela, subiranismoa ez da konponbide, ezpada arazoaren parte. Proiektu subiranista (eko)faxistarekin nahastuko litzateke: erregai fosilen gailurrak laster txikiagotuko du banatzeko dagoen tarta eta, ondorioz, hazkundea soilik lortuko da beste batzuen desazkundearen lepotik, bai nazioartean bai lurralde bereko klase ezberdinen artean, borroka darwinistaren mamu guztiak piztuz. Subiranismo ekosoziala ezinbestean da, kanpora begira, egitasmo inoizko internazionalistena, eta etxean, birbanatzaileena. Konjuratuz delirioa zimentatzen duen ahanztura: dagoeneko ekoizten dugu hanka biko oro duin bizitzeko beste.

Elefante bat triziklo baten gainean
Casdeiro
Click to rate this post!
[Total: 0 Average: 0]
Share

Doctor en Sociología, profesor en la Universidad del País Vasco, investigador en cuestiones relacionadas con la transición socioecológica.

5 Comments

  1. Buenos días¡ Sería posible disponer del texto en castellano. Muchas gracias.

Utzi erantzuna

Your email address will not be published.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Artículo anterior

Mikel Otero (EH Bildu): «Erabaki energetikoen gaineko kontrola Euskal Herrian eduki behar dugu»

Siguiente artículo

Zaldibar, Brumadinho baino urtebete geroago

Lo último de Blog

Hazkundearen teokrazia

[Manuel Casal Lodeiro] Gure herrialdeetako politika garrantzitsuenak, gainontzeko politika guztiak baldintzatzen dutenak, hau da, politika ekonomikoak,