(Xabier Zubialde Legarreta Hacia la soberanía energética. Crisis y soluciones desde Euskal Herria —Txalaparta, 2017— liburuaren egilea da.)
Argi eta garbi esaten dut Francoren garaian orain baino burujabetza energetiko handiagoa genuela. Zalantzarik gabe. Hor daude datu guztiak. Francoren garaian Nafarroan elektrizitatea sortzeko 60ren bat errota zeuden. Publikoak edo kolektiboak ziren. Herritarren errotak ziren. Sortzen zen elektrizitatea beraiek saltzen edo kudeatzen zuten. Gaur, berriz, batzuek amets egiten dute ea lortzen dugun horretara heltzea. Goiener kooperatiba, adibidez, horrelako adibideak lortzen saiatzen ari da. Ametsa da gaur egun, baina lehen horrelako 60ren bat genituen.
Energia motei buruz hitz egin ahal dugu, baina garrantzitsuagoa da kudeaketari buruz aritzea. Nahiz eta gasa edo petrolioa erabili nork hartzen ditu erabakiak? Nork kudeatzen du eredua? Zein erabakirekin? Zein interesekin? Jabetza klabe bat da. Adibide itsusi bat erabiltzen ohi dut hausnarketa sortzeko. Pentsazazu Castejon (Nafarroa) bezalako herri batean. Zentral termikoa dute. Gasa erosten dute Aljerian edo Errusian. Erretzen dute gasa. Kutsadura sortzen da puntualki herri batean, oso kontzentratua. Aljerian eta Castejonen. 400 megawatt ekoizten dute. Energia eredu bera erabiltzen badugu –gasa erretzea elektrizitatea sortzeko– baina 400 zentral txikirekin, bakoitza megawatt batekoa, elektrizitate kopuru bera sortzen dugu baina 400 tokitan, Nafarroan. Publikoak edo kolektiboak izanen balira eredua oso desberdina izango litzateke. Hasteko, erabakiak jendarteak hartuko lituzke. Edo erakunde publikoek behintzat. Bertzalde, Castejonen sortzen diren kalteak banatu egiten dira. Ondorioak oso desberdinak dira kasu horretan. Ez dira sortzen beste helburu batzuk. Produkzioa kontsumitzaileengandik hurbil dago. Ez dira tentsio altuko sare erraldoiak behar elektrizitatea Alemanian saltzeko. 400 instalakuntza horiek elektrizitate beharra egonez gero baino ez lirateke martxan jarriko. Eredua oso desberdina da, nahiz eta egun Aljeriatik ekartzen dugun gas bera erabiliko genukeen. Honekin ez dut esan nahi berriztagarriak ez ditugu bultzatu behar, honekin azpimarratu nahi dut ereduari buruz eztabaida oso garrantsitzua dela, energiaren mota baino garrantsitzuago.
Euskal Herrian kontsumo energetikoaren bilakaerari begiratzen badiogu, urtetik urtera hazten ari dela ikusiko dugu. Eraginkortasuna, energia berriztagarriak eta abar aipatzen dira azken urteotan. Nahiz eta eraginkortasuna garatu, kontsumoa hazten ari da. Esate baterako, kamioi batek tomatearen mila kilometro horiek egiteko behar duen gasolioa orain dela hogei urte baino gutxiago da. Bonbillek ere energia gutxiago behar dute. Baina zer gertatzen da? Gero eta energia gehiago erabiltzen dugula tomate bera ekoizteko. Bide guztia gero eta luzeagoa delako. Urtez urte gauzak ekoizteko bide guztiak gero eta luzeagoak dira. Hori da izan dugun garapena. Zatitxo bat neurtzen badugu, kamioi batek ehun kilometro egiteko behar duen gasolioa, gutxiago erabiltzen dugu. Baina ez dugu prozesu osoa neurtzen. Orduan, jendarte bezala, gero eta energia gehiago kontsumitzen ari gara. Soilik eraginkortasunarekin ala berriztagarriekin ezinezkoa izango zaigu joera aldatzea.
Euskal Herri mailan urtero 9.000 milioi euro ordaintzen ditugu guztion artean. Esango nuke aberastasuna sortzeko aukerarik hoberena energia aurreztea dela. Zalantzarik gabe. Bestetik, menpekotasunaren kontzeptua dugu mahai gainean. Berriro gertatzen baldin bada honelako krisi ekonomiko bat, horrelako egoera batean egongo gara berriz eta ez dugu tresnarik izango ezer egiteko. Ezin izango dugu egoera hori kudeatu. Eskatzen digutena ordaindu beharko dugu. Eta ez dute aldatu nahi.
Ez dut ezer berriztagarrien kontra, alderantziz, aldekoa naiz. Amorratua. Baina denetatik dago berriztagarrien munduan. Abiapuntu bezala ezagutzen dugun jendarte eredua berriztagarriekin ezin dela mantendu hartu behar dugu. Ezin da. Kito. Eraikin bat soilik berriztagarriekin bizi ahal den galdetzen badidazu, baietz erantzungo nizuke. Baina jendarte bezala ezin dugu.
Berriztagarriak komunikabideetan azaltzen diren moduarekin harrituta nago. Nafarroan mota guztietako berriztagarriak izan ditugu: indibidualak edo kolektiboak; publikoak eta pribatuak; zentralizatuak eta kalte askokoak eta sakabanatuak eta kalte txikikoak; etikoak eta espekulatiboak. Berriztagarri hitzak ez du gehiegi esaten. Abizena jarri behar diogu; kasu honetan bai; zein motatako berriztagarria den jakiteko. Besteak beste, maila global batetik hitz egiten badugu, Nafarroan izan dugu egoera nahiko berezia Europan zehar. Bagenuen EHN izeneko enpresa bat eta Nafarroako Aurrezki Kutxa genuen. Enpresa finantzario bat eta berriztagarrien munduan Europan zegoen enpresa aurreratuenetakoa. Eta zer gertatu zen bi kasu hauetan? Desagertu egin dira, diru publikoa esku pribatuetara joan da. Lotsagarria da. Eta berriztagarriekin egin da. Hor daude errota guztiak. Ze eredu bultzatu nahi dugu? Nafarroaren kasua oso gordina da.
Politikagintzan “I+G+I-ren alde gaude” edo “I+G+I bultzatu behar dugu” eta halakoak askotan entzuten ditugu. Egunero esaten dituzte. Baina I+G+I zertarako? Ikerketa, garapena eta inbertsioa, baina zertarako? Hemen, berriztarriekin bezala, ere abizena behar dugu. Norabidea inportantea da. Baina ez dute esaten. Ideologikoki ez dira markatzen ez berriztagarriak ez I+G+I. Zertarako nahi ditugu? Garraio publikoa bultzatzeko edo autoa gehiago erabiltzeko? Autoak gutxiago kontsumitzeko ala autoak sei edo zazpi urtean zahar geratu eta beste bat erosteko?
