(Aldez aurretik The Simplicity Collective-n argitaratutako textu baten itzulpena, Ariadna Uve-k euskaratua. Ted Trainerren liburua gazteleraz argitaratuko da gutxi barru –autoreak luzatutako argitaraldian– Trotta argitaletxearen bidez, La Via de la Simplicidad. Hacia un mundo sostenible y justo izenburuarekin.)
Ted Trainer Sinpletasunaren Bidearen[1] partaide jakintsu eta ausartenetariko bat da. 2010. urtean Bidezko Mundu Jasangarrirako Trantsizioa[2] liburua plazaratu zuen, eta nere bizitza osoan irakurri dudan liburu onenetariko bat dela esan behar dut. Bizitzan liburu bakar bat gehiago irakurtzeko denbora besterik ez badaukazu, pentsa ezazu liburu honengan. Gure egoera eta baldintza globalei zuzen hitz egiten die, pasioz betetako begirada sakon eta apal baten bitartez. Azaletik azalera, bere orrialdeak jakintzaz positiboki bizirik daude. Liburu honen kopia bat lortzea, irakurtzea eta elkarbanatzea arren gomendatuko nioke edonori. Gure munduak liburu hau behar du halabeharrez.
Trainer ez da bere analisien ondorioetaz lotsatzen (aurrerago laburtuak izan direnak), atal batzuetan kutsu probokatzaile bat soma dakiokeen arren. Eta esan beharra dago, bere kritika erradikala izan arren, bere analisian erroreak aurkitzea zaila da. Trainer, hala ere, ez da kritika soil batekin asetzen. Liburuak trantsizioari buruz hitzegiten du, prozesu honen nondik-norakoei buruzko xehetasun ugari aztertuz. “Ekonomia berria” izenburu duen kapitulua bereziki ona da; bertan, Sinpletasunaren Bidea-rekiko ados doan bizimoduaren nolakotasunaren ikuspuntu inspiratzaile eta guztiz pertsonal bat ematen du (autoreak bere kabuz bizi izandako hamarkadatako esperientzian oinarrituta). Baliteke liburuko kapitulurik garrantzitsu eta originalenak azken biak izatea, non Trainerrek aurrejarritako bi gai sendoki heltzen dituen: estrategia, edo nora zuzendu gure energiak, eta praktika, edo zer egin.
Trainer anarkista da. Ekonomia berria geure kabuz eraiki beharko dugula pentsatzen du, komunitate mailan, gobernuen laguntzarik gabe eta seguru aski erresistentzia potente bat dela medio. Askok gabezia bat ikusiko dute Trainerrek proposatzen duen anarkismo hontan, eta giza-naturaren ikuspegi baikorregi batetan fede handiegia ez ote duen argudiatuko dute. Anarkista guztiek kritika horri aurre egin beharko diote momenturen batetan, eta agian Trainer berak ere atentzio apur bat gehiago eskaini beharko lioke gai honi. Beste iritzi batzuek trantsizio prozesuetan estatuen eginkizuna Trainerrek proposatzen duena baino zabalagoa izan beharko duela argudia dezakete; arazo konplexu bat oso epe laburrean konpondua izan behar du, eta gizartearen egitura garaikideak banakakoak eta komunitateak kontsumo patroi jasanezinetan blokeatzen baititu. Estatuek, izan ere, komunitate eta banakakoak egitura zurrun horietatik desblokeatzeko gaitasuna daukate, eta prozesua asko arinduko luke, grassroot[3] moduko erresistentziatan bakarrik eskuordetuko balitz baino.
Aldi berean, Trainerrek geure arazoak konpontzeko besteen zain geratzea (bereziki politikoen zain) alferrik dela gogorarazten digu oso modu osasuntsuan, eta demokrazia partizipatibo, zuzen eta komunitarioaren garrantzia azpimarkatzen du. Trainerrek, kapitalismo kontsumistarengandik at trantsizio bat egon behar badu, geure esku dagoela esaten du, eta arrazoi du. Grassroot motako mugimendu horiek estatuak mugi ditzaketen ala ez ikustear gaude. Baina Rio+20-n gertatutakoaren ondoren, nik behintzat ez nuke gobernuen esku eginkizunik lagatuko. Antza denez, bakarrik gaude orain, eta lan ikaragarria dago egiteko.
Liburuak argudiatzen dituen punturik oinarrizkoenak hauek dira:
- Arazo, soluzio eta estrategia globalei buruzko eztabaida gehienak ez dira zuzenak. Arazoak (ingurugiroaren suntsiketa, baliabideen gabezia, Hirugarren Munduko pobrezia eta garapen eza, armatutako konfliktuak, gizartearen apurketa eta bizimoduen kalitatearen erortzea) pertsona gehienek uste dutena baino askoz larriagoak dira, eta erabat ezinezkoa da hauen soluzioa arazo horiek sortzen dituen gizarte berberaren aurrerakuntza teknikoek gailentzea, gizarte hori arazo horietan oinarrituta baitago.
- Baliabide gabezia oso sakon eta konponezinak dakartzan garai batetan sartzen ari gara. Baliabide kopuru askoz baxuagoak erabiltzen dituzten bizimodu osasuntsuak garatu behar ditugu.
- Arazoaren oinarrizko jatorria gehiegizko ekoizpen eta kontsumoak aurrera jarraitzen dutela da. Baliabide kontsumo, bizimodu estandar eta Barne Produktu Gordin maila jasangarrietatik oso urrun gaude. Dirudunen bizimodu mailak ezin dira luzaroan mantendu, eta erabat ezinezkoa litzateke orain munduan bizi diren pertsona guztiak bizimodu maila horietara hedatzea.
- Gizartearen helburua hazkunde ekonomikoa da oraindik, ekoizpena eta kontsumoa limiterik gabe hedatzen ari direlarik!
- Ekonomia globala bidegabekoa da. Munduko baliabide gehienak herrialde dirudun gutxi batzuetan banatzen ditu, eta Hirugarren Munduko ekoizpen kapazitatea herrialde dirudunetako supermerkatuetara zuzenduta dago, ez munduko pobreziaren beharrak asetzera. Herrialde dirudunak dauden mailatik jaitsi eta haien oparotasuna globalki elkarbanatu behar dute.
- Akats hauek ezin dira konpondu hazkuntzak, merkatu-indarrak, onuran oinarritutako ekoizpenak edo ugaritasunak agindupean daukaten gizarte baten bidez, edo gizarte horren baitan. Hauek bait dira jasangarritasun eta justizia arazo globalen arrazoiak. Kontsumo-gizartea ezin da eraldatu bidezkoa edo jasangarria bihur dadin; erabat ezberdinak diren eskematan oinarritutako gizarte batengatik zabalki ordezkatua izan behar da.
- Alternatiba Sinpletasunaren Bidean egon behar da: onurarik gabeko bizimoduetan oinarritutako gizarteetan, tokiko partaidetzak kontrolatutako ekonomia txiki eta burujabeetan, merkatu-indarrek gidatu gabe, eta hazkunde ekonomikorik gabekoak. Sekulako aldaketa kultural bat egon behar da, diruzalekeria eta leihakortasunarengandik urrun. Liburuan Sinpletasunaren Bidea langarri eta erakargarria dela arrazoitzen da, gaur egungo herrialde dirudunetan daukatena baino bizi-kalitate hobe bat baiesten.
- Zein da orduan transitzio estrategiarik onena? Hamahirugarren kapituluak estrategia gehienak oker daudela argudiatzen du, ezkerreko alderdi gorri zein berdeak barne. Helburu nagusia ez da kontsumo-gizarte kapitalistaren aurka borrokatzea, horrekiko alternatiba eraikitzea baizik. Iraultza hau ezin da goikaldetik erdietsi, ezta gobernu, alderdi berde edo iraultza-proletarioekin ere. Egoera hau grassroot motako trantsizioen bidez bakarrik da bideragarria, jende arruntak kooperatiboki ahal duen heinean aurrera eramana. Ekonomia globalaren horniketaren gabeziak geroz eta handiagoak egiten diren heinean, tokiko komunitateak indartzen joango dira. Eko-hiribilduak eta Trantsizio-herri mugimenduak hasi dira jada haien txanda orokorrarekin, baina…
- Burujabetzarako tokiko ekimenek, ortu-komunitario eta permakultura mugimenduek, kontsumo-gizarte kapitalistaren bidezko gizartearen bitartez, bidezko gizarte jasangarri eredu bat lortzea ezinezkoa dela jakin behar dute. Garrantzizko ezer gutxi lortuko da, tokiko ekimen hauetan egiten ditugun esfortzuak eredu hori ordezkatzeko lehen pausuak direla argi eta garbi ulertzen ez badugu. Kontzientzia hau ez da nahiko nabarmena gaur egungo ekimen berdeetan. Aktibistek egin ditzaketen ekarpenik garrantzitsuenak ortu-komunitario, Trantsizio-herri mugimendu etabarretako partaide horien artean ikuspegi zabal, erradikal eta global hau garatzen laguntzean datza.
- Azkenengo kapituluan behe-auzo, herri zein auzoguneetan inplementa daitekeen estrategia praktiko bat azaltzen da.
Bidezko mundu jasangarri batetarako trantsizioa planetaren patuarekin arduratuta dauden pertsonentzako aukera baten moduan aurkezten da, baina egungo aztertze eta akzioak askotan dramatikoki desbideratuta eta galduta geratzen dira. Logika eztabaidaezin bat erakusten du: gure arazo erraldoiaren tamaina eta arrazoiak ezagutzen direnean, agerian geratzen da ezin izango dela kontsumo gizarte kapitalistaren bitartez konpondu. Konponbidea Sinpletasunaren Bidearen ildotik joan behar da, eta trantsiziorako lanak subirotasun maila altu bat daukaten komunitateen inguruan eratu behar dira.
Liburua aktibistei zuzenduta dago gehien bat, haien energia urriak asmorik eraginkorrenean ezar ditzaten. Interesgarria izan daiteke gizarte arloko ikasleentzat orokorrean, modu zabalean gizarte kohesio, gizarte aldaketa, jasangarritasuna, Marxismo, Anarkismo, ekonomia, gobernu, hezkuntza, Hirugarren Munduaren garapena, globalizazioa, kokalekuen diseinua, hazkuntzaren limiteak, baloreak, bake eta justizia globala eta gizarte onaren naturari buruz mintzatzen den heinean.
Euskaratzailearen oharrak
[1] The Simpler Way / La Vía de la Simplicidad.
[2] The Transition to a Sustainable and Just World.
[3] Grassroot: ekintzaile talde txikiak, naturalki modu berdintsuan antolatutako komunitateak, poterearen jerarkizazioak alde batetan utzitakoak.
[…] informazio gehiago nahi izanez gero; www.15-15-15.org […]
[…] liburuko (IV) izenpeko hitz sortie eta +Soy de derechas Eladio Ortaren liburuko 3 olerki. +Ted Trainer eta Sinpletasunaren bidea-taz (15/15/15 argitalpenetik hartua) aipamen-irakurketie –Ahora izeneko liburuaren […]