(Aurrez Argia astekarian argitaratua. Creative Commons baimenari esker ekarria.)
Tokiko ekonomiarekiko konpromisoa eta herritarren parte-hartzea bultzatzeko sortu da txantxia, herriko kontsumoa fidelizatu eta gastu-ihesa murriztuz. Oñatiko saltokietan erabil daiteke eta euroarekiko trukean %5eko hobaria du.
Oñatiarra da Amaia. Larunbatero gisan Aldapa tabernan geratu da lagunekin, eta etxerakoan, ogia erosi du Errota okindegian. Baina ez du, ohi bezala, eurotan ordaindu, ezta txartelarekin ere. Asteazkenean truke bulegoan lehenengoz hartu zituen kolore biziko billeteak erabili ditu: Oñatiko moneta soziala diren txantxiak. Lehenengo aldia izan da; ez da azkena izango ordea. Erosterako orduan txantxi bakoitzak euro banaren balioa badu ere, trukea egiten duenean %5eko hobaria ematen diote: 100 euro trukatuz gero, 105 txantxi. Denera, sei billete desberdin daudela jakin du: 20, 10, 5, 1, 0,5 eta 0,10 txantxiri dagozkionak, Oñati eta inguruko leku adierazgarrienen irudiekin.
Hiru hilabeteko epean erabiltzen ez baditu, txantxiak eguneratu egin beharko ditu balioaren %3 galduz. Baina badaki ez zaiola horrelakorik gertatuko, ohiko 91 saltokitan onartzen baitituzte: iturgintza enpresetan, harategietan, ile apaindegietan, liburu-dendetan…
Merkataritza txikiari bultzada
Enpresa haietako baten jabea eta arduraduna da Miren. Txantxia martxan jarri zen unetik bertatik erabaki zuen atxikimendua ematea, Oñatiko merkataritza txikia laguntzeko neurriak ezinbestekoak zirelakoan. “Horrelako neurririk ezean, Oñatin sortzen den diruaren zati handi bat kanpoan xahutzen da”. Oraindik erosleen gehiengoak ez du txantxirik erabiltzen, baina nabari du pixkanaka gero eta jende gehiagok eman duela pausoa, eta piztu dituela hainbat hausnarketa tokian tokiko kontsumoaren garrantziaz. Txantxiak nahi duenean alda ditzake euroen truke, baina %3 galtzen du hala eginez gero. Horregatik, ahal duenetan atxikimendua eman duten beste merkatariei behar duena erosteko erabiltzen ditu.
Gizarte ekimenetarako diru-funtsa
Mirenek eta gainontzeko merkatariek txantxiak eurotara trukatuz gero erauzten zaien %3 horrekin, gizarte ekimenetara bideratzen den diru-funtsa osatzen da. Aurkezten diren proiektuen artean, merkatariak eurak dira diru hori zertarako erabiliko den erabakitzeko aukera dutenak. Halaber, txantxia bera mantentzeko ezinbesteko gastuei ere funts horrekin egiten zaie aurre.
Udaletik bertatik, aurrera begira ahalegina egiten ari dira moneta sozialak gero eta bide sakon eta oparoagoa izan dezan. Horretarako, sariak txantxitan ematen dituzte, besteak beste, eta hainbat enpresek langileei soldataren zati bat txantxitan ordaintzea ere ari dira sustatzen.
Txantxia
- Zer da? Oñatiko moneta soziala.
- Erakunde jalgitzailea: Oñatiko Udala.
- Non erabili daiteke: Oñatin. Atxikitutako saltokiak: 91.
- Noiztik martxan: 2014ko urria.
- Truke-tasa: 100 euro = 105 txantxi.