George W. Bushek zur eta lur utzi zuen mundua Silver Springen, 2002ko otsail hartan: “Hazkunde ekonomikoa da aurrerapen ekologikoaren giltza”. 2001eko iraileko atentatuen ostean, “go shopping” burutsua atera zitzaion. Ez da izan munduak eman duen mandataririk buruargiena, ezin esan giza eboluzioaren gailurra izan denik. Baina babalorea adimentsu bihurtu zuen horrek, ezin hobeto laburbildu zituen sistemaren preferentziak.
Askoz lehenago, 1955ean, salmenten analista zen Victor Lebowek argiztatua zuen guztion etorkizuna: “Hain izugarri produktiboa den gure ekonomiak eskatzen du kontsumoa bihurtzea gure bizieraren muina, erritual bihurtzea bai erosketa nola ondasunen erabilera, kontsumoan bilatzea gure asebetetze espirituala eta gure egoaren betetasuna… Guk gero eta erritmo biziagoan behar dugu gauzak kontsumituak, erreak, ordezkatuak eta baztertuak izan daitezen”.
Geurean ere, krisi finantzario globalari aurre egin behar eta nafar gobernuak ohore egin zion espeziaren inboluzioa dakarren diseinu ekonomiko-politikoari: “Baliabide publikoak erabiliko ditugu kontsumo pribatu handia eragiteko”. Aurreranzko ihesa.
Gauzak ez dira jazo, besterik gabe. Kontsumo gizartea ez da gertatu, gauari egunak jarraitzen dion naturaltasunarekin. Diseinatua izan da. Serge Latouche ekonomialari frantsesak ondo dio, hazkundearen gizarteak sorturiko mekanismo instituzionalak daude gaurko prezisio altuko jasangaiztasunaren oinarrian. Hirurak izan dira ongi diseinatuak, mimoz pentsatuak, hobeto planifikatuak: publizitatea —geure barruak arrakalaz beteak daudela sentiarazten digun artea, sinetsaraziz beste norbait bihurtu behar dugula—; kreditua —arrakalok estali aldera, kanpo mundu osoa erosgarri bihurtu nahi digun fantasia—; eta iraungitze programatua —merkatu produktuak data jakinetan hiltzeko estrategia, aurreko artea eta fantasia posible izan daitezen—.
Masa-kontsumoa ez da bulkada natural batek eragindako halabeharra, ezpada berez hedakorra eta hazkorra den sistema sozioekonomikoaren emaitza. Gure oinarrizko beharrizan fisiologikoak eta psikosozialak ase aldera —eta industria mediatiko erraldoiak artifizialki sorturiko sasi-beharrizan ugari ase aldera—, asmatu dugu metabolismo sozioekonomiko ezin konplexuagoa, arriskuan jartzeraino biosferaren jarraikortasuna (gaurdaino ezagutzen dugun bezala). Ondorioz, arriskuan jarri dugu baita giza beharrizanak etorkizunean asetzeko aukera ere.
Oroz gainetik, palanka jakinean hartu du oin patroi moderno-industrialak: hazkunde etengabearen paradigman. Horrela jarrai dezakegula dioen axioma da gezurrik handiena, ilusiorik potoloena, esperantzarik arriskutsuena, burutaziorik irrealena, praktikarik kriminalena. Nahikoa da informazio apur bat izatea ondokoaz ohartzeko: absurdo fisikoa da ekonomiaren hazte kuantitatibo mugagabea; horretan tematzea ez dirudi inteligentzia ebolutiboaren gailurra; etorkizuna ondo gobernatzeko ezinduta dago. Kapitalismoa —garapen etenezina, mugarik gabeko hazkundea, aberastasunaren metatze hazkor gera ezina—, irrazionaltasunari eginiko monumentua da inoiz baino gehiago.
Nolanahi ere, produktibismoaren delirioa ez dute soilik defendatu ordena kapitalistaren aldeko sutsuek. Ezkerreko hainbat indarrek ere pentsatu dute mugarik gabeko oparotasun materiala eta progresoa direla gizadiaren helburu azkena, lorpen tekniko eta zientifikoak lagun. Askorentzat sozialismoak esan nahi zuen guztiontzako beti gehiago. Eta sozialismo errealak berdin bihurtu zituen produkzioa eta ekonomia bizitzaren ardatz. Are, beste inork ez bezala sinetsi zuen paradigma moderno-industriala eta sustatu zuen arrazoiaren inperioa; prozesu sozial eta naturalak arrazionalki kontrolatzeko delirioan buru izan zen, eta oda erraldoia eskaini zion estajanovismo izeneko moral produktibistari. Bere balantze ekologikoa hondagarria izan zen.
Leninek ahotsa urratzeraino indarrez jaurti zuen 1917an: “Sobiets-ak eta argindarra nahi dugu!”. Askoz geroago, Audrey Lorde feminista afroamerikarrak fintasunez galdetu zion: “Ba ote dago ugazabaren etxea ugazabaren armekin suntsitzerik?”
Beharbada Leninena erreformismo hutsa izan zen, iraultza bainoago. Berdin konpartitu zuen arkitektura modernoaren esentzia. Eraikin modernoaren distribuzioa aldatzea zuen asmo, langile orok gela duina eta are oparoa ere izan zezan, ez eraikin modernoa suntsitzea. Berdin alboratu zuen polinizazioa. Horregatik, ondo irakurri behar da sozialismo errealaren gainbehera: beharbada ez da zibilizazio kapitalistaren garaipena; litekeena da zibilizazio industrial modernoaren gainbeheraren lehen adierazpena izatea.
Erregimen moderno guztiak izan dira produktibistak: demokrazia liberalak, errepublikak, edo diktadurak; izan sozialistak, sozialdemokratak, liberalak, kontserbadoreak, komunistak, edo populistak. Den-denek egin dute bekatu bertsua. Guztiek jarri dute hazkunde ekonomiko etenik bakoa euren sistemaren oinarrian, planetaren muga biofisikoak existituko ez bailiran.
Mendebaldeko mundu moderno industriala ez dago beheraldian abangoardia iraultzaile batek jota, edo bestelako kanpo eraginen bat dela kausa. Bere burua kolpatuz ari da hondoratzen. Eta ezinduta dago krisi sozial, ekologiko, energetiko, ekonomiko, espiritual eta indibidualari aurre egiteko. Garaia da zibilizazio patroi moderno-industriala ospatzeari utzi eta berau euskarritzen duen espiritua beratzen jartzeko: agortu den esperimentu gisa ikusten hasi behar genuke, abandonatu beharreko abentura gisa. Ez da atzera egitea, bide egokira bueltatzea baizik. Ilusio erraldoi batek eragindako desbiderapenaren ostean.
Ondoko saiakera lanetik harturiko pasarte laburra: Euskal harriak. Trantsizio sozioekologikorako gogoetak, (Alberdania, 2011, 87-90 or.).