Publicado: 06/04/30
Autor: Egoitz Martínez Laserna
Idioma: EU
Irudia: Sara Plaza.
Pausu bat atzera, aurrera egiteko
Badira urteak jada geure gizarteak inoiz espero ez genuen iraulia jasan zuenetik. Gertatuak izan dira historian zehar hainbat iraultza garrantzitsu, denok buruan ditugunak, edonork entzutakoak… baina azken urteotan bizitzen ari garen iraultzaren modukorik gizakiak ez du sekula bizi izan. Izan ere, ingurumenaren aldeko iraultza, askorengatik "Trantsizioa" ere deitua, ez da aurrekoen modukoa izan, ez da tesi eta antitesi baten aurrez aurreko borroka baten emaitza izan, ez da aurrera egiteko asmoak bultzarazitako aldaketa izan, ezta goseak eragindako mugimendu iraultzailea; ingurumenaren iraultza, gizartea aldatzeko nahiak bultzaturiko herri mugimendua izan da bai, baina ez etorkizun oparo bat bilatuz, baizik eta gizakion biziraupen soila bilatuz buruturikoa.
Askori zaila egingo zaie zertaz ari naizen ulertzea; 2000ko hamarkadatik aurrera jaiotako guzti haiek ez dute ezta imajinatu ere egingo nolakoa zen bizitza, kultura eta gizartea 2015ean hasi zen iraultza honen aurretik, izugarria baita nola aldatu den mundua azken 15 urteetan. Nork espero zezakeen 2015ean, gaur 15 urte betetzen dituen aldizkari honek orduan marrazturiko etorkizuna triste bezain zehatza zela! Niri behintzat orduan planteaturikoa imajinaezina iruditzen zitzaidan aldizkari honen lehenengo alea irakurtzen ari nintzela. Orduan ingeniaritzan lizentziatu berri zen 25 urteko gazte bat baino ez nintzen, nire doktoradutza tesia baterien inguruan garatzen nengoela, ikerketan lanean ikusten nuen neure burua handik urte batzuetara. Zeinek esango zigun guri, konfortaren gizartean jaiotako horiei, teknologia alde batera utzi eta nekazal mundua geure etxeetara helduko zela. Baina horra hor bizitzak ekarri digun patua.
2000 urtetik aurrera gertaturiko hondamendi natural latzek, adituek urteetan zehar eskaturiko energia kontsumo murrizketaren aldeko neurriak hartzera behartu gintuen, eta horren emaitza kontsumoaren gizartearen hondamena izan zen. Hainbat urteetan kapitalismoaren amets goxoa izan zena, kolokan jarri zen bat-batean, eta horrekin batera geure gizartearen zutabe politiko-ekonomiko guztiak. Ondorioz, herria kalera atera egin zen, historikoki saldu ziguten bizimodu hura sostengaezina zela ulerturik. Krisi ekonomikoak pizturiko sugarra, "Trantsizioak" sute bihurtu zuen.
Europa osoa sute iraultzaile horrek busti zuen, eta espainiaren kasua ez zen ezberdina izan. Ondorioz, hainbat matxinaden ostean eredu politiko berri batera iritsi ginen, “Confederación Ibérica” deitzen dutenera, alegia. Orduz geroztik ez dira gutxi espainiar politikak jasandako aldaketak, eta hala behar zuen izan, gaur egun dugun eredu konfederal horretara heltzeko.
Mugimendu giza-politiko guzti hauen emaitza ez da alabaina espero genuen bezain oparoa izan. Energia kontsumoa murrizteko ezarritako erregai limiteek, orain dela hamabost urte genituen tresna pila erabilgarritasuna galdu izana ekarri digu. Horrek pre-industrializazio etapa batera bueltatzea eragin digu hainbat eta hainbat arlotan. Lehendabizi, erregai kontsumo limiteek kotxea etxean uztera behartu gintuzten. Gero, erregai fosilen kosteen igoera zela eta, garraiobide publikoak bihurtu ziren distantzia luzeak zeharkatzeko aukera bakarra, eta berauen eskuragarritasuna ez da gaur egun aspaldian izan zena. Azkenik, geure eguneroko bizitzarako ezinbestekoak ziruditen beste hainbat tresna galtzen galtzen joan gara, mugikorretik hasita, labe elektriko, hozkailu eta telebistetaraino. Azken finean, energia elektrikoa kontsumitzen duen tresna oro, luxu bat da gaur egun.
Logikoa denez, energia kontsumitzea luxu bat den heinean, “Trantsizioaren” aurreko bizimodua ezinezkoa bihurtzen da. Horrela nekazaritza hirietara hurbildu da elikagai freskoen beharrei aurre egiteko (azken finean, gehienok ez daukagu elikagaiak mantentzeko hozkailuak erabiltzerik). Modu berean, energia neurrigabe kontsumitu barik bizi behar izateak, nekazal bizimoduarekin bat, teknologiaren eta teknikaren desmitifikazioa ekarri du egungo gizartera. Hori bera izan da ezbairik gabe gizarte eredu berri honek ekarri duen paradigma aldaketarik harrigarrienetarikoa.
Hainbat eta hainbat urte teknologiaren eta informazioaren gizartean bizi ostean, erabat ezustekoa izan da 2015etik aurrera bizi izan eraldaketa arlo horretan ere. Gaur egun nekazal bizimoduak partida irabazi du, eta honek zalantzarik gabe abantailak ditu gure eguneroko bizitzarengan, baina teknologia bizimodutzat aukeratu genuenontzat teknologiaren desmitifikazio prozesu hori arazo bat izan da. Eta ez bakarrik guretzat, baizik eta soluzio teknologikoak eskaintzen zituzten milaka enpresentzat ere. Ondorioz, aurkakoak diren bi korronte nagusitu izan dira teknologiari dagokionez: espazioaren konkista irtenbide posible bakar gisa behatzen dutenak, eta kontsumoaren gizartea suntsitu eta sostengarritasuna sustatu behar dugula defendatzen dutenak.
Lehenengo korrontearen parte diren enpresa, ikerlari eta langileek, orain arteko bizimodua berma dezakeen beste astro baten bila abiatzeko beharrezko guztia prestatzen ari dira. Argi dago hauen helburu erreala berriz, guk geuk sortu genuen kontsumoaren gizartea mantentzea dela, kosta ala kosta.
Espazioaren konkistaren korronte alternatiboak helburu guztiz aurkakoa du ordea. Lurran ditugun baliabideak amaiezinak ez direla onarturik, teknologiaren helburua eskura ditugun baliabide murritzekin ahalik eta gauza gehien egin ahal izatea da.
Jada suposa daitekeen moduan, ni bigarren multzo honetan kokatzen naiz. Ez zen erabaki erreza izan, edozein ingeniari, teknologo edo ikerlariarentzat beti erakargarria baita teknologi espazialean lan egitea, puntako teknikekin lan eginez; honen aurrean planteatzen zen alternatiba latza baino erakargarriagoa behintzat. Baina planetaren suntsitzearen mugetaraino eraman gaituen joera mantentzea helburu duen korronte baten parte izatea gehiegizkoa zen nire etika dohakabearentzat. Gaur ez dut doktoradutza hasi nuenean espero nuen lanpostu liluragarria, ez dut ikerkuntzan lanik egiten (beronentzako aurrekontuek ikaragarri egin baitute behera), ezta ibilgailu elektriko modernoekin; ostera, orduan imajinatzen nituen lan horiek baino probetxuzkoagoa den papera betetzen dut gizartearengan, energia berriztagarriek sorturiko ezinbesteko energia metatzeko bateriak testatu eta konponduaz. Gainera, azken urtean popularrak egiten hasi diren unibertsitate komunitarioetan klaseak ematen hasi naiz, nire gose akademikoa ere apaltzen laguntzen nauena.
Laburbilduz, azken hamabost urte hauek nahiko latzak izan direla esan genezake, eta ziurrenik, hurrengoko urteak ere ildo beretik jarraituko dute. Istilu pilo bat egon dira mundu osoan, eta egia esan, geure herrialde hau behintzat, Euskal Herria, nahiko ondo ohitu da gabeziaren paradigma berri honetara. Penintsula osoaren kasuan ere, kontsumoaren kultura hain errotuta egonagatik ere, "Trantsizioa" nahiko samurra izan da (bereziki industrializazioa beranduago sartu zen herrialdeetan) Europako beste herri askorekin konparatuz behintzat.
Gauza asko galdu ditugu bai, baino gauza asko irabazi ere bai. Eta berauetatik bat azpimarra genezake: sinpletasuna. Geure bizitzak sinplifikatu izanak gu geu sentitu eta izatera hurbildu gaitu. Jada ez dugu zertan geure bizimodua konparatu, defendatu edo gailendu beharrik, eta garrantzitsuagoak diren gauzaz arduratzen gara; joera hau gainera geure bizitzaren esparru ezberdinetara hedatu da, lanera, aisialdira, elkarbizitza eta komunikatzeko erara, kulturara... Teknikak garrantzia galdu izanak gainera produktibitatea miresten duen kultura hori alde batera uztera lagundu digu, eta azken 30 urteetan diskriminaturik egon diren arte eta letrek historikoki irabazi duten ohorezko postua berreskuratzen doaz.
Beraz, ez dakit Malthusek aurreratzen zuen aro post-industrialera heldu garen, edo bertara heltzeko jasan beharreko prozesu horretan gelditu eta pre-industrializazio etapara bueltatu garen. Askok atzera pausu bat eman dugula diote, eta beraz oraindik iraganeko akatsak berregingo ditugula behin betiko post-industrializazio etapa batera salto egin aurretik. Nik behintzat lehenengoa pentsatzea nahiago dut, atzera pausu bat eman dugula aurrera egin ahal izateko, eta trantsizio hori ondo kudeatzeko gai izan garela, bidean arriskuan zegoen guztia galtzea saihesturik. Ez gara amesten genuen bezain aske eta zoriontsuak, eta ez dugu espero genuen garai oparoa bizi, baina gaur, aurrera begiratzean, badakigu etorkizun sostengarri baten bidean gaudela eta geure ondorengoentzako ildoa hazten ari garela. Gauza bat behintzat argi dago:
Orain, inoiz baino gehiago, etorkizuna geure esku dago!
<__/ volver