Publicado: 24/02/30
Autor*s: Rus Redire
Idioma: EU
Irudia: X. mendeko "Beati in Apocalipsin libri duodecim" eskuizkribuko 127v orritik hartua.
Negua mendi atzetik etortzen ikusten dugu
Errekaleor, 2030eko otsailak 24
Kaixo Ander:
Hainbat urte igaro dira herritik alde egin zenuenetik eta orain arte ez dugu zure berririk izan. Orain dela aste bete Eiderren ezusteko bisita izan genuen eta denboraldi bat zurekin egon zela kontatu zigun. Pampako lurretan daramazun bizimodu berriaren inguruko hainbat istorio kontatu zizkigun, eta baita posta helbide bat eman ere zurekin harremanetan jarri ahal izateko nahi izatekotan.
Egia esan ia 20 urte pasa dira zu joan zinenetik. Azkar doa denbora gero! Eiderrek esan zigunagatik, zailena bizitza berri bati ekitea izan zen, nola egin oso ondo jakin gabe. Alde egin zenuenean guztiz zoratuta zeundela pentsatzen genuen, lekutara joan bertan zer topatuko zenuen jakin gabe eta aurrera nola egingo zenuen jakin gabe. Hemen denok geratu ginen zur eta lur. Zu bezalako ingeniari informatikoa, inoiz ez duena aitzur bat eskutan hartu, logela bat margotu behar zenean ere margolari bat kontratatzen zuena eta dotore janztea gustuko zuena, liburu eta musika ona erosi, kontzertuetara joan, erakusketetara, zinemara... bat-batean dena hutsi eta bakarrik alde egiten duzula esan, nora eta Argentinara! Han diru gutxiren truke lur zati bat eta egurrezko etxe zahar bat lortzeko aukera eman dizutelako.
Eiderrek ondo zaudela esan digu. Zeure garia ereiten duzula, ogirik ez zaizula falta, oiloren bat ere baduzula, mandoa eta baita ahuntz eta ardi batzuk ere. Gauza gutxirekin pozik bizi zarela. Pentsatzen genuen zoratuta zeundela, baia hemen zoro bakarrak gu gara. Horretaz ez dugu zalantzarik orain. Guk, etorkizun seguru eta oparo batengatik egin genuen apustu. Beti bizi izan garen tokian pentsio bat kobratuko genuela uste genuen, eta ez genion hain ohituak geunden gure bizi-mailari uko egin nahi: ur beroa, berogailu eta argi elektrikodun etxea, edozein tokitara mugitzeko gure kotxea, noizbehinkako oporraldiak... baina amesten genuen etorkizun hura, gaur egun errealitate desberdin batean bilakatu da, zeinetan guzti horri uko egin behar izan diogun eta gainera beste alternatibarik gabekoa. Horregatik inbidiatzen zaitugu hainbeste. Guk pentsatzen genuen burutik jota zeundela dena ezeren truke uzten zenuelako baina orain konturatzen gara gu garela ezer ez daukagunak genuenari uko egin nahi ez izanagatik.
Herrian jarraitzen dugu bizitzen, nahiz eta etxez aldatu behar izan genuen ezin genuelako erosi genuen etxearen hipoteka ordaindu. Errekaleorreko aiton-amonen baserri zaharrera joan ginen bizitzera. Amama hil zenean, gurasoek inguruko lurrak eraikuntza enpresa bati saldu zizkioten txaletak egiteko eta ordutik bertara itzuli gabe geunden. Baserriaren ondoan ortu txiki bat baino ez da geratu, eta gure etxea saltzetik lortutako diru apurrarekin egokitzapen obra batzuk egin genituen bertara bizitzera joan ahal izateko. Zuk alde egin eta denbora gutxira aurretiko-erretiroa eman zidaten, ohiko EEE (Enplegu Erregulazio Espedientea) horietako batekin. Hasiera batean bazirudien soldatatxo duin batekin geratuko ginela, lasai bizitzeko modukoa hainbat gastu gutxitzen bagenituen. Laster ailegatu ziren murrizketa eta beherapenak eta azkenik, epe ez jakinezko miseriazko erretiro pentsio batekin saiatzen ari gara bizirauten. Eli lan gabe geratu zen niri aurretiko-erretiroa eman eta gutxira. Fabrika itxi zuten eta orduka lan egiten zuenez denboraldietako kontratuekin, langabezia prestaziorik kobratzeko eskubiderik gabe geratu zen.
Gogoratzen duzu nola izan ginen “fracking”aren aurkako plataforma batean, zuk alde egin baino egun batzuk lehenago? Ba azkenean ez zuten ezer egin. Herriaren kanpoaldean zundaketetarako putzu pare bat egin zituzten eta hilabetetan zehar kamioi erraldoiak ikusi genituen porturako bidean pasatzen. Ondoren ez genuen ezer gehiago jakin. Enpresa akordio batera heldu omen zen udalarekin herrian gas natural sare bat instalatzeko, eta beraz putzuak egin zituzten tokian AEBetik (Ameriketako Estatu Batuak) zetorren gasa gordetzeko biltegiak jarri zituzten, haustura hidraulikoaren teknika berberarekin ateratzen zen gasa gordetzeko. Inork ez zuen proteastarik egin. Bazirudien frackinga beste toki batean egiten baldin bazuten, inori ez zitzaiola axola. Ni asko haserretu nintzen, baina frackingaren aurkako plataforma desegin eta ez zen inoiz berriro gai horren inguruan hitz egin. Orain ia 10 urte utzi zioten gasa ekartzeari eta orain dena utzita dago, hormigoizko plataformak baino ez dira geratzen bertan. Dena dela, frackingaren aurkako mobilizazio haiek medio, jende talde bat elkartu eta alternatiba energetiko "jasangarri" baten alde lan egiten zuen elkartea eratu genuen. Orduan horrela deitzen genion, “jasangarria”. Badakizu, ekologia, ingurumenarenganako ardura, osasuna eta elikadura… ezer ez zen berria guretzako. Inoiz ez ginen zu bezain erradikalak izan baina gai hauek kezkatzen gintuzten. Gure azken aurrezkiak baserriko teilatuan ura berotzeko eguzki plaka batzuk jartzeko erabili genituen. Pellets deituriko egurrezko zilindro batzuk erretzen zituen biomasazko galdara ere instalatu genuen. Kontua energia iturri berriztagarriak eta ingurumen eta lurrarekiko errespetuzkoak zirenak erabiltzea zen. Eguzki panelek funtzionatzeari utzi zioten orain hiru edo lau urte eta panelak jarri zizkigun enpresak porrot egin zuenez orain ez dakigu beraiekin zer egin. Biomasa galdara orain bost urte ez dugula erabiltzen, pellets horiek oso garestiak eta zailak baitira lortzen. Egurrarekin sukaldatu eta etxea pixkat berotzen dugu baina berau gauez moztu behar dugu mendian, ezkutuan, udalak orain urte batzuk mendiak zerrategi bati saldu zizkiolako. Honetan ez gara bakarrak, beraz susmoa daukagu laster zaintzaileak jarriko dituztela gure mozketa hauek ekiditeko. Agian, gaur egun herriko mendien jabe den enpresa erosi ezin ditugun pelletsak egiten dituen enpresa bera da. Argia orain urte bete kendu ziguten ezin genuelako ordaindu. Kotxea apurtu zitzaigunetik oilotegi bezala erabiltzen dugu, ez baitzuen pena merezi konpontzeak eta saltzea ezinezkoa zen.
Ortu txiki bat jarri genuen eta udan tomate eta piperrak ez zaizkigu falta, patata batzuk eta kipulak era baditugu. Garai batean indabak ere ondo ematen ziren baina azken urteotan basurdeek jaten dituzte eta gure ekonomia pixkat hobetuz gero itxitura iraunkor bat jarri nahiko genuke. Beno, askoz ere gauza gehiago ezin ditugu landatu lur eremu txikiak ez duelako gehiagorako ematen. Inguruan aprobetxatzeko moduko lur sailen bat egongo balitz, garia, arto pixkat eta beste zerbait landatzeko aukera izango genuke baina baserri inguruak inoiz saldu gabeko txaletek betetzen dute, eta orain gu baino egoera txarragoan dagoen jendearen aterpe dira.
Badira bost edo sei urte Txema, Maite, Jon, Ekain, Bego, Juanma eta ezagutzen ez dituzun beste batzuekin antolatzen hasi ginela. Lehen, "trantsiziozko" talde deitzen genien baina jada "egokitzapenezko" taldeak deitzen ditugu. Beste toki batzuetan aspaldidanik funtzionatu izan dute. Uste dut pixkat berandu ailegatu ginela honetara. Taldearen helburua gure bizitzeko modua eraldatzea zen, gainera zetorkigunari aurre egin ahal izateko. Horrela, energia gutxiago kontsumitzeko antolatzen hasi ginen, produktu lokalak kontsumitzen genituen, trukezko merkatuak antolatzen genituen eta tradiziozko jakituria berreskuratzen genuen. Pare bat bikote gazte etorri dira Bilbotik, Goroztizatarren baserri zaharrera. Aurten, taldearen laguntzarekin garia eta klima honetara oso ondo egokitzen den gari mota bat, espelta deritzona, landatu dugu. Asmoa, gero eta burujabeagoak izatea da, gurea den zereal uzta bat edukiz, baina gutako inork ez daki oso ondo nola lortu dezakegun hori. Herrian ez da "zaharrik" geratzen jakituria hori duenik, denak hil dira. Felisak 95 urte ditu eta lagundu ahalko zigun bakarra da baina erresidentzia batean dago. Momentuz lurra Bonik utzi zigun motokultore zahar batekin goldatzen ari gara baina gasolina oso garesti dago. Buruan daukagun ideia, pare bat asto lortzea da goldea tiratu, garia jo eta gari aleak garraiatzeko, baina ez dakigu nondik hasi ezta goldea nola lortu ere. Ez jakiteagatik, ez dakigu nola eho beharko genukeen ere alea. Orain gutxi Bolunburuko errota zaharrera joan ginen baina dena dago erortzeko zorian eta gainera zinegotzi batek esan digunez errota orain udalarena da eta ez gaitezela hurbildu ere egin bertara. Egia esanda ez dakigu nondik hasi eta orokorrean, administrazioaren aldetik oztopoak baino ez dizkigute jartzen. Txemak ahuntz batzuk jarri nahi zituen berea den lur eremu txiki batean baina udalak ez dio baimenik eman, ez omen dituelako animalien ongizate legearen baldintzak betetzen.
Ikusten duzunez nahiko galduta eta etsita gabiltza, Ander. Gehiegi fidatu ginen, zuk aurretiaz zalantzazkoa antzeman zenuen etorkizunean. Beti aipatzen zenigun etorkizun zalantzagarri hura gaur egun errealitate bihurtu da eta ustekabean harrapatu gaitu. Gainontzekoan, aurrerantz goaz, gehiegi egin gabe eta imajinatuko duzunez ez daukagu lehen bezainbeste indar eta lehenago nekatzen gara.
Hauek dira momentuz gure berriak. Idatzi egiguzu, gogotsu gaude zure berri izateko eta!
Erramun
<__/ volver